Aurkezpena
Oraingo hau Ararteko erakundearen urteko txostena harrotasunez aurkezten dudan bederatzigarren aldia da. Horren bidez, 2012. urtean zehar erakunde honek burutu dituen jardueren berri ematen dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideen egoera orokorrari buruzko ikuspegia gaineratuz.
Urteko txostenarekin batera, Haurren eta Nerabeen Bulegoaren txostena ere argitaratu dugu. Ararteko erakundean arreta berezia eskaintzen diogu adingabeek osatzen duten gizarte kolektiboari. Izan ere, botere publikoek haurrei eta nerabeei ematen dieten tratamendua gizarte batek etorkizunari aurre egiteko duen moduaren adierazgarri da.
Azken urteetako joerari jarraiki, txosten honetan ahalik eta gehien laburtu dugu urte osoan zehar garatu dugun lana, azterketa horri bizitasuna, bizkortasuna eta zehaztasuna emate aldera.
Txostenean Ararteko erakundearen eta gizarte erakundeen artean egon den lankidetza estua islatu dugu. Ararteko erakundeak GKEek giza eskubideen babesean eta sustapenean garatzen duten lan garrantzitsua azpimarratu nahi du, bereziki, gizarte eta ekonomia eskubideen arloan. Erakunde horiek oso eginkizun garrantzitsua daukate benetako berdintasun eraginkorra gauzatu dadin, Konstituzioaren 9.2. artikuluak botere publikoei hori betetzeko eginbeharra ezarri baitie. Gure ustez, konprometitutako herritarrak demokrazian zein gizarte kohesioan aurrera egiteko ezinbesteko osagaia dira. Horrelako herritarrik gabe, Ararteko erakundearen lana ez litzateke berbera izango.
Esku artean duzun txostenaren ildoa inpaktua da. Gure jardueren berri ematerakoan, modu kritikoan hausnartu dugu honen inguruan: gure lanak azken urtean zehar Ararteko erakundera laguntza edo aholku eske jo zuten pertsonen bizitzan eduki duen inpaktu positiboa. Garrantzitsua da aitortzea gure lanaren inpaktua administrazioekin izandako elkarrizketa argi eta konstruktiboaren emaitza dela eta horrek araudian eta politika publikoetan aldaketak eragin dituela. Horregatik hain zuzen ere, administrazio batek gure informazio eskaerei behar bezala erantzuten ez dien bakoitzean, herritarrak dira benetako kalteak pairatzen dituztenak, ez Ararteko erakundea bera. Zerbitzu publikoak etengabe hobetzeko xedearekin, aurten ere administrazio guztiei eskatu nahi diet lankidetza estua gauzatu dezagun gizartearen onerako, gure gizarteko pertsona eta kolektiborik zaurgarrienak bereziki aintzat hartuz.
2012. urtean zehar krisiaren ondorioak handitu besterik ez dira egin, bai intentsitatean, bai hedaduran eta gero eta jende kopuru handiagoarengan dauka eragina. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan Ararteko erakundeak dituen herritarrentzako arreta bulegoak gizartearen etsipen mailaren neurgailu on bihurtu dira, baita gure gizartea babesteko sistemak emandako erantzunaren eskasiarena ere. Beharrek gora egin dutenez eta horiei aurre egiteko baliabideak, aldiz, mugatuak direnez, ezinbestekoa da gogora ekartzea ekonomia eta gizarte eskubideak (osasuna, elikadura, etxebizitza, hezkuntza, lana, etab. edukitzeko eskubidea) giza eskubideak direla eta botere publikoen jarduera guztiek kontuan hartu behar dituztela. Eskubide horiek unibertsalak dira baina herri-administrazioek arreta berezia eskaini behar diete zaurkortasun egoera larrian dauden edo gizarte bazterkeria pairatzeko arriskua duten pertsonei. Gizarteak laguntza-dei horri erantzun behar dio eta, horren arabera, bere barne kohesio eta politikoen buruzagitza maila zehaztuko da. Krisi ekonomikoaren garai honetan egiaztatu daiteke giza eskubideekiko konpromisoa benetan zintzoa den edo oparoaldi ekonomikoko garaietan erabiltzen diren hitz soilak diren. Azken finean, azken kasu horretan, hitz horiek bizkarra erakutsi orduko haizeak eraman ahal ditu. Ararteko erakundetik errepikatu nahi dugu giza eskubiderik gabe beldurra, basakeria eta bidegabekeria besterik ez dela geratzen.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA